XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure etxea Bizkargitik Oizerako mendilerroaren erdian eta gan-ganean dago, iparretik Gorozika, Ibarruri, Mendata eta itsas alderanzko mendiak bistan dituela, eta hegoatik Etxano, Zornotza, Durangaldea eta Gorbeialdetik Bilbo ganera eta Santanderrerantz ikuspegi amaibakoa.

Ez da mendilerro altua, baina gorago ez dago ezer, urruneko gailurrak izan ezik, eta honeik, distantzia batera, parean edo beherago emoten dabe, batez be bere inguruaren nagusitasuna handitzeko inozentzia daukan umearentzat.

Torreburutik itsasalderantz, Gorozika, Ajuria, Mendata urrunean, eta auzo eta baserri solteak ikusten dira, baina danak be moltzo txikiak, neure bizigiroaren araberakoak.

Hegoarantz, Etxanoko elizaldea ezkutuan dago, beste auzo batzuk ezker-eskuman eta urrunean agiri dira, baina, oro har, paisaia gehiena mendia eta basoa da.

Bistan dagoen herri handi bakarra, eta bera be erdizka, Zornotza da, oinez ordubeteko bidean.

Beste herri batzuk be banenkien han zirela, Durango, Lemoa, Arratiako guztiak, Galdakao, Bilbo, Larrabetzu eta Txorriherriko herriak, eta urrunagoko mendi artean egon zeitekezen danak, baina ostean zegozen.

Gehienik be gau ilunetan argitasun bat bialtzen eben zerura, batez be Bilbo aldeko gorritasun ha, Laba Garaiena ei zena.

Niretzat mundua Zornotza zen, haragoko hiri ezkutu guztiak biltzen ebazena, non trenak, autoak, hegazkinak eta untziak alkar harrapatu ezinik zebizen, non jentea arin, moltzoan eta koloretsu zebilen, non erdera unibertso inperiala zen.

Eremu badaezpadako baina ikusgarri (eta begiz beteriko) haretara jasten nintzenean, ikusmina eta bildurra eskutik zebizen nigan, geltokietan, kaleak zeharkatzen, batzutan maleta handia bizkarrean, dendetan huskeriak erosiz eta danari irrikaz eta errezeloz begiratuz.

Zornotzatik Torrebururantz ninoala, Autzaganeko aldatsaren erdi aldetik gora, eremu magnetikotik libraturik lez nasaitzen nintzen, barriro neure altueran, eta, atzera begira Zornotza oinetan ikustean, gailen sentitzen nintzen.

Etxera heldutakoan, lo bat nahikoa izango neban, barriro Zornotza urrunaren iman arriskutsuaz artegatzeko.

Mundua zeritxona behean, barrenean nekusela hazi nintzen eta ikuskera hori ezin dot aldatu, munduan bertan nabilela be.

Kalean bizi izan nazenean, nire bizilekua beti goitik behera ikusi izan dot.